SIIS-Dokumentazio eta Ikerketa Zentroa, COVID-19aren pandemiak Euskadiko adinekoentzako egoitza-zentroetan izan duen eragina. Vitoria-Gasteiz, Ararteko, 2021, 221 or.
2020ko martxoan COVID-19a agertu zenetik, Arartekoak adinekoentzako egoitza-zentroetako egoeraren bilakaeraren etengabeko jarraipena egin du. Aldi horretan (bereziki pandemiaren lehenengo hilabeteetan), gainera, EAEko egoitzetan dauden adineko pertsonen arretarekin loturiko hainbat alderdiri buruzko norbanakoen kexa ugari jaso ditu eta bilerak egin ditu gizarte-eragile, sindikatu eta patronalekin.
Hala, Arartekoak egokitzat jo zuen ikerketa bat egitea, pandemiak Euskadiko adineko pertsonentzako egoitzetan zuen eragina aztertzeko, azken xede honekin: hobeto ezagutzea kutsatzeko edo hiltzeko arriskuaren, eta pertsonen eta egoitza-establezimenduen eta horien testuinguruaren ezaugarriekin loturiko zenbait faktoreren artean dagoen lotura. Era berean, osasun-krisian zehar harturiko prebentzio-neurriak aztertzea eta egoiliarren osasuna eta eskubideak zaintzeko eraginkorrenak izan diren neurriak baloratzea ahalbidetu du.
Euskadin egindako lehen azterlana da -eta Espainia-mailan egindako azterlan bakanetako bat-; bertan, estatistika-metodologia espezifiko batzuk ezartzen zaizkie 2020ko martxotik 2021eko urtarrilera bitartean euskal egoitza-zentroetako ia 20.000 erabiltzaile guztien banakako datuei
Arartekoak, horretarako, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuak izan ditu, bai eta hiru foru-aldundiek eta egoitza-zentroetako hainbat ordezkarik aurkezturiko informazioa ere. Azterturiko aldagaietako bat, gainera, egoiliarrei zuzendutako galdetegi baten bidez jasotako informaziotik abiatuta aztertu ahal izan da.
El Diario Vasco, 10/11/2021