1972. urtean, “Asociación Guipuzcoana Pro Subnormales” zeritzanak eta Donostiako Aurrezki Kutxako San Migel Patronatuak El problema de la deficiencia mental en Guipúzcoa lana argitaratu zuten, Gaur soziologia-ikerkuntzako taldeari eskatu zitzaiona. Txostenak, zeinaren idazketan berebiziko garrantzia izan baitzuen Ramon Saizarbitoria soziologoak, Europako beste herrialde batzuetan indarrean zeuden oinarri teoriko eta filosofikoak kontutan harturik, adimen-urritasunaren gaia finkatzen eta hari aurre egiteko zerbitzuak nolakoak eta zenbat behar luketen izan zehazten zuen. Lan horrek, aldi berean, adimen-urritasunaren arloan, informazio zientifiko eta teknikoaren beharrezko jarioan zegoen hutsunea jarri zuen agerian.
Gabezia hura José I. Eguía Careaga, txosten haren bultzatzaile nagusietako baten kezka behinena zen. Hala, urritasunen arloan espezializaturiko nazioarteko informazio-zerbitzu bat sortzea erabaki zuen, erredakzio taldearen gunean oinarriturik. Zerbitzu hura garai hartako elkarte-higikundearekin estuki loturik zegoen, eta haren helburua haziz zihoan dokumentazio eta informazio multzoa arlo honetan lanean ari zirenen eskura jartzeko premiari erantzutea zen.; hasieran, adimen-urritasunaren inguruko informazioa biltzen zen, eta, geroago, urritasun mota horri ezin zitzaiola bakarka heldu argi geratu zelarik, alderdi sozialari zegokionez batez ere, ezintasunak orokorrean hasi ziren lantzen, eta, azkenik, gizarte-zerbitzuak ere aintzat hartu ziren.
Ordutik aurrera, SIIS garatuz joan da, eta, gaur egun, funtsezko erreferentzia da Gizarte Zerbitzuen arloko ikerketa eta dokumentazioan. 1978az geroztik Eguía Careaga Fundazioaren baitan dago, eta helburu nagusia gizarte-ongizateko politikak, Gizarte Zerbitzuen antolakuntza eta gizarte arloko profesionalen egitekoa hobetzea du. Horretarako, SIISek Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundietako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailekin eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailekin elkarlan estuan dihardu EAEn, eta orobat dihardu estatuan, “Real Patronato sobre Discapacidad” delakoarekin lankidetzan. Horrez gain, aldika-aldika SIISek beste erakunde batzuentzat ere lan egiten du, adibidez, Emakunde edo Arartekoarentzat. SIISeko langileak hogei bat dira, Donostia eta Madrilen dituzten bulegoetan banaturik daude, eta dokumentazioa, soziologia, demografia, zuzenbidea, antropologia, kazetaritza, ekonomia eta gizarte-lanean espezializaturik daude. Begirada nazioartera irekita dutenez gero, SIISeko langileek, euskara eta gazteleraz gain, frantsesa, ingelesa, alemana, suediera eta daniera ere erabiltzen dituzte.
SIISek, Dokumentazio Zentro gisa, interesa duten pertsona eta, bereziki, erakunde guztien eskura jartzen du gizarte-politikan eta gizarte-zerbitzuetan espezializaturiko bere dokumentazio-zerbitzua, erkidegoan, estatuan, zein nazioartean sorturiko dokumentazioa bildu eta sailkatzen duena. SIISen dokumentazio-lana honako gai-eremu hauetan oinarritzen da:
Ikerketa Zentro gisa, SIISek hainbat arlotan dihardu:
Dokumentazioaren eta ikerketaren arloetan aritzeaz gain, SIISek baditu beste lan-ildo batzuk ere, aldizkako argitalpen espezializatuak, gaikako aldizkari dokumentalak edo webguneen kudeatzea edo aplikazio informatikoak sortzea, edota Gizarte Zerbitzuen gastuak neurtzeko eta planifikatzeko tresnak edo direktorioak eratzea, kasu.
Hogeita hamabost urte hauetan zehar, dokumentazio-zentroak, Gizarte Zerbitzuak eta gizartea, bere osotasunean, nabarmen aldatu dira. SIIS aldaketa horietara guztietara egokituz joan da, dokumentazio-lanetan teknologia berriak txertatuz –oinarriak informatizatu, funtsak digitalizatu, Internet baliatu- eta ikerketa sozialaren arloan metodologia berritzaileak aplikatuz. SIISeko langileak erabiltzaileen premiei erantzuten saiatu dira beti —izan haiek erakunde publikoak, erakunde pribatuak edo pertsona pribatuak—, eta hori guztia dokumentazioa aukeratzeko, biltzeko eta zabaltzeko sistemak uneoro hobetzeko ardurarekin.
Urte hauetan zehar, SIISek gizarte-politikaren arloko gogoetak eta praktika profesionala aberasten lagundu du, horretarako gaur egun agerikoak diruditen, baina bere garaian azaldu, eztabaidatu eta onartu behar izan ziren gai batzuk gizartean ezagutaraziz eta txertatuz: urritasuna duten pertsonak lanean eta hezkuntzan sartzea, zaindariekiko arreta, arreta indibidualizatzea edota zerbitzuen kalitatea lortzen saiatzea, beti ere Gizarte Zerbitzuen ikusmolde normalizatzaile eta komunitario batetik. Gainera, berea duen moldean egin du, zorroztasunez, muturreko iritzietatik aldendurik, eta maila tekniko zein politikoan, Gizarte Zerbitzuen kudeaketa eta plangintzarako hartu izan diren aukera ezberdinekiko begirunez.
Firefox 2 eta Internet Explorer 7 nabigatzaileentzako egokitua