SIIS aldizkako argitalpenen katalogo txiki bat ateratzeaz ere arduratzen da. Argitalpen horiek gehienak dokumentalak dira, eta erakundeen eskariz eta haien babesean sortuak dira.

Zerbitzuan 1986an argitaratu zen lehen aldiz, eta espainiar Estatuan Gizarte Zerbitzuen arloan bereziki diharduten aldizkari bakarretako bat da. "Profesionalen, elkarteetako kideen eta gizarte-zerbitzuen erabiltzaile taldeentzako eztabaida-plataforma" gisa definitu da hasiera-hasieratik, eta artikulu argitaragabeak, euskaraz zein gazteleraz, argitaratzen dituzte bertan. Honako gai hauek lantzen dituzte batik bat: adin nagusiko pertsonekiko, ezintasunak dituztenekiko eta umeekiko arreta, drogamenpekotasunekin eta immigrazioarekin zerikusia duten gaiak, zerbitzuen antolaketa eta plangintza, edota zerbitzuak nola eskaini eta arautu. Aldizkaria hainbat eroslekutan eskura daiteke, baita harpidetza egin ere, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusiaren bitartez.

DDZ Buletina droga eta drogamenpekotasunei buruzko dokumentazio-buletin bat da, Drogamenpekotasunen Euskal Behatokiaren esparruan argitaratzen dena, eta Eusko Jaurlaritzaren Droga Gaietako Zuzendaritzak sustatzen duena. Aldizkariak drogamenpekotasunaren arloko argitalpen berrienei buruzko erreferentziak, elkarrizketak, eztabaidak eta kritika laburrak biltzen ditu, mundu osoan argitaratzen diren ikerketa eta gogoeta teorikoak arlo horretan lanean dihardutenen eskura jartzeko helburuarekin. Aldizkaria doakoa da. Harpidetzak www.siis.net webgunean egin daitezke, edo, nahi bada, publicaciones@siis.net helbidera mezu elektroniko bat bidaliz

Eguneratuz txirotasunaren eta gizarte-bazterketaren aurkako borroka- politiketan oinarritzen den dokumentazio-buletina da. Desberdintasunen, txirotasunaren eta bazterketaren alorretan egiten diren ikerketa eta azterlanen aipamenak jasotzen ditu, eta arreta berezia jartzen diote gizarteratze-errenta gutxienekoei, lanaren munduan txertatzeko programei eta lanaren sustapenari, gizarte-laguntza bideratzeko tresnei eta, azkenik, etxebizitza- eta harrera-programei. Aldizkaria doakoa da. Harpidetzak www.siis.net web orrian edo publicaciones@siis.net helbidera mezu elektroniko bat bidaliz egin daitezke

Gizarte.doc dokumentazio-buletina 2006an argitaratu zen lehen aldiz, eta gizarte-interbentzioa eta gizarte-zerbitzuak lantzen ditu. Zenbaki bakoitzean, aldizkari honek gizarte-interbentzioaren arlo espezifikoei buruzko dossier monografiko zabal bat eskaintzen du. Gaur arte, honako gai hauei buruzko monografikoak argitaratu ditu, besteak beste: generoaren ikusmoldea gizarte-zerbitzuetan, gizarte-heziketaren eskuhartzea desabantaila sozialean dauden gazteengan eta eskolaren eta gizarte-zerbitzuen arteko harremanak. Gainera, buletinak argitalpen berrien eta SIISen Datu Base Dokumentalari hilero gehitzen zaizkion artikulu eta txosten interesgarrienen sorta zabal eta iruzkindua dakar. Aldizkaria doakoa da. Harpidetzak www.siis.net web orrian edo publicaciones@siis.net helbidera mezu elektroniko bat bidaliz egin daitezke

Real Patronato sobre Discapacidad erakundearen buletina instituzio- eta dokumentazio-izaera daukan argitalpena da. Real Patronato sobre Discapacidad-en ekimenen berri ematen du, baita dokumentazio-atal zabal bat eskaini ere, non Espainian zein beste herrialde batzuetan, ezintasunarekin eta ezintasunari aurre egiteko politiken inguruan argitaratu diren lan berriei buruzko informazioa ematen den.
Firefox 2 eta Internet Explorer 7 nabigatzaileentzako egokitua